Kultura eta aisia

KULTURA ETA AISIA

Kultura-ondarea

Goizuetako alde zaharretik, menditik, baserri ekologiko batetik edo burdinola zahar batetik buelta gidatu bat nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan.

Goizuetako etxeak

Nekez ikus daitezke erdi aroko egurrezko etxeak, Itzaiaundi baserriaren antzekoak. Garai hartako guden ondorioz suteetan kiskali ziren. Gaur egun gelditzen diren eraikuntzarik aipagarrienak, beraz, XVI-XVIII. mendeetan eginak dira. Garai hartako burdinolek herriari emandako garapen ekonomikoaren ondare dira. Goizuetako etxe hauek klimari eta biztanleen beharrei emandako erantzun bikain eta ederra dira, kalitate handikoak, Europako etxe onenen artean daudenak.

Hiriguneak egitura berezia erakusten du. Aipa daiteke, besteak beste, etxe gehienak eguzki aldera eginak daudela. Elkarren artean kortasu paretaz eta estarta estuz banatuak daude, honela suteei aurre egiteko. Kaleak estuak dira eta plazak zabalak. Aipagarriak dira, baita ere, fatxadek eta teilatu-hegalek duten irteera edo boladizoa. Etxe hauez gain, badira beste etxe handiago batzuk, bakartiak eta balore handikoak. Irakurri gehiago...

(Goizuetako etxeak ikusteko ibilbidea: triptikoa)

Urgaratako gaina 1_B

Megalitikoak

Goizuetako Udalak bi ibilbide prestatu ditu herrian aurkitu diren estazio megalitiko batzuk ezagutarazteko. Duela 5.000 urte inguru bertan gizakia bizi zela erakusten digute aztarna horiek.

Nahiz eta trikuharri eta tumulu txiki batzuk ere aurkitu diren, Goizuetako gune megalitikoak mairu baratzeen aniztasunarengatik erakartzen du. Hainbeste izateak eta multzo hain handiak egoteak jende frankoren bizitoki izan zela adierazten digu.

Mairu-baratze guneetatik gertu maiz burdin minerala topatu izan da. Hurbiltasun horrek pentsarazten digu garai haietan bazekitela burdina lortzen eta lantzen, lan mota guztietako tresnak sortuz, eta baita ehizarako edo erasoetako armak ere. Aiako Harria inguruko meatzetako burdina-harriarekin lortzen zen burdinaren kalitateak ospe handia lortu zuen Europan XII eta XVIII. mendeen bitartean, eta baliteke ospe hori erromatarrak hona iritsi aurreko garaikoa ere izatea, XIX. mendearen bukaera arte iraun zuena. Irakurri gehiago...

100_5876

Betizu - bertako behia

Euskal Herriko mitologiaren parte gara, Lurrak gordetzen dituen aberastasunen zaindari moduan. Kobazulo eta elezaharretan suzko zezenen bezala margotzen gaituzte; edo aho nahiz sudurretik sua jaurtiaz; edo adar nahiz isatsean sua daramagula. Eper begi bereizgarriak  eta ile gorrixka dugu. Euskal izen honek "behi izua" esan nahi du. Oso gutxi gelditzen gara, batez ere gizakiak ia desagerrarazi gintuelako. Lehenik, gure haragiaz elikatzeko ehizatzen gintuztelako. Eta gero, ekoizpen hobea duten arrazez ordezkatzeko. Horregatik mendietan babestu ginen eta toki latzetan biziraun genuen, negu gorri eta udako lehorteetan. Berezko hautespena izan zen gure erabakitzaile bakarra. Pirinio guztian eta inguruetan bizi ginen, nahiz eta orain Nafarroako Erresuma Zaharrean baino ez garen gelditzen banaka batzuk.

Bisita gidatuak Maingenera, basseri ekologikoa.

zahagi_dantza

Inauteriak eta Zahagi dantza

Artxiboetan aurkitutako inauteriei buruzko aipamenik zaharrena XIX. mende bukaerakoa da. Ordukoa da egun horietan herritarrak nola eta noiz mozorrotu zitezkeen arautzen duen Udal Ordenantza, euskarazko ordenantzak atalean azaldu bezala.

Zahagi dantzaren oinarriaz datu zehatzak falta diren arren teoria hedatuena zera da: inauterietan herrira etorritako ikazkin bat irudikatzen du “zahagi” pertsonaiak. Bizkarrean izaten duen zahagia ardoz betetzen zuen, gero edari hori basora eramateko. Mozkortutakoan herritarrak, neskak batez ere, musukatu nahian lasterka hasten da haien atzetik. Azkenean herriko gazteek makilaz jotzen dute ikazkina, herritik alde egin dezan.

Honelatsu dioen letra ere kantatzen dute goizuetar askok: “ni ez naiz mozorroa izanagatik lau begi, atoz atoz honara, ez zaitez joan ihesi”.

Noiz dira goizuetako inauteriak?

Alkasoaldea_udazkena

Kultur jarduerak urtean zehar

Elkarrekin egiten diren hainbat kultur jarduera daude herrian. Eta beti kanpoko jendea ongi etorria da esperientzia partekatzera.

Urteko egutegia

Dataren eguna gerturatzekoan udaletxeko webgunean aurkituko dituzue azkeneko xehetasunak.